XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Kontseiluak unean uneko editoriala argitaratzea erabaki dezake.

EGUNKARIAren jokabide editoriala eguneroko lan informatiboan jasotzen da.

151. Iritzi orrialdeetako artikulu eta kolaborazioek sinadura daramate.

Egile-oina ere eramaten dute, egilearen jarduera profesionala edo beste erreferentzia interesgarriren bat adieraziz.

Iritzi artikulu hauetarako ez dira onartzen talde sinadurak (Euskal Herrian Euskaraz, adibidez), baina bai pertsona bat baino gehiagoren artean idatzitako artikuluak.

Sinatzaileak lau baino gehiago direnean, izenpe bakarra azalduko da, eta zera jarriko dugu: eta beste lau (bost...) sinadura.

Ezizenak ez dira onartzen.

Salbuespena: izen artistikoak eta ezizen ezagunak.

152. Kolaborazioetako testuak ez dira hobetu behar.

Bere hartan doaz; sinatzailea egiten da erantzule.

Hala ere, EGUNKARIAk Estilo Liburuaren araberako zuzenketak egiteko eskubidea du.

Hain zuzen, arau ortotipografikoak (italikoa, komatxoak, letra larrien erabilera, parentesiak, siglen transkripzioa...) Estilo Liburu honetan esan bezala jartzen dira.

Ez dira bazter utziko euskalkiren batean idatzitako iritzi artikulu edo gutunak.

153. Kolaborazio artikuluetan, itzultzen direnean, erredakzioan itzuli direla zehazten da.

Zailtasunagatik edo jatorrizko hizkuntzagatik itzulpen lan berezia eskatu duten artikuluek itzultzailearen izena eramaten dute.

154. Gutunak.

Erredakziora heltzen diren gutunek izenpea, nortasun agiri zenbakia eta telefonoa behar dute, eta jatorria egiaztatu egin behar da argitaratu aurretik.

Eskatutako datu horiek ez dira argitaratzen.

Gutunak izen osoarekin sinatzen dira.

Inizial soilak, ezizenak edo altsasuar bat bezalako sinadurak ez dira onartzen.

Talde sinadurak onartuko dira, egileen nortasunaz zalantzarik ez badago.

Adibidez: Kilimon Futbol Taldea (Mendaro, Gipuzkoa), edo Elorrioko Euskaltegiko ikasleak (Elorrio, Bizkaia).

Gutunen jatorria idazten da izenaren ondoren.

Euskal Herritik iritsitako gutunetan herria eta probintzia jartzen da.

Zazpi hiriburuen kasuan ez da probintzia jartzen.

Faxez iritsitako gutunei ere jarri egiten zaie jatorria, baita erakundeen gutunei ere: erakundeak egoitza ugari izan ditzakeen arren, horietako batetik dator gutuna halabeharrez, eta horixe jartzen da.

Zuzendariari zuzendutako gutun asko ez dira, berez, gutun soilak: albiste izan litezke.

Baliteke pertsona ezagun batek gutuna bidaltzea, halako erabakia hartu duela iragartzeko.

Erabaki hori eta berorren ondorioak albiste dira, eta dagokion tokian agertu behar du horrek.

Erakunde edo elkarte batzuek gutun gisa bidaltzen dituztenak, berriz, prentsa oharrak izan ohi dira sarri.